XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egunkarien manipulazioa

Iñaki Zabaleta

Komunikabideen eta egunkarien intentziozko manipulazioa, terjibersazioa eta errealitatearen/gertakizunaren eraldatzea nabarmena da Espainian.

Adibideak barra barra aurki daitezke, egunetik egunera pilatzen doaz, eta azkenean norberak pentsatzen duena zera da, Espainiako eta batez ere Madrileko Komunikabideen informazioa, Euskal Herriari dagokiona behin behin, kontrastatu gabea eta oreka/objetibitate minimorik gabea dela, apropos eta konszienteki manipulatuta dagoela helburu politiko eta partidistak lortzeko.

El País egunkaria PSOE-ren aldekoa da lotsagabeki eta bere informazioa beste egunkari madrildarrena bezain partziala eta manipulatuta dago.

Gero, Euskal Herriko sasi-intelektual eta sasi-progresista batzuk, nortasun zindo gabeko unibertsitate irakasle batzuk galtzarbean eramango dute El País, serioa bailitzan, eta euskal prentsa mespretxatu egingo dute.

Allacuidaus, beste hark bezala diot neuk ere, bakoitzak eros eta irakur dezala nahi duena, merkatu librearen abantailak handiak baitira, manipulazioaren gainetik daudenak, baina muturretik lija-papera bezain egia latzak pasatzea merezi dute.

Azken adibidea lotsagarria izan da.

El Paísek, lehen orrialdean, iturririk aipatu gabe, Txelisek idatzitakoa omen zen Nafarroari eta UPN-ri buruzko txosten baten berri eman zuen.

Krisi eta zalaparta politikoa nabarmena izan da.

Gero ikusi dugu gezurra zela, HB-rena zela dokumentua.

Orain dela denbora dexente, Madrileko ABC egunkariak Iruñeko manifestaldi baten informazioa, textua eta argazkia EFE-k pasatuta, eman zuen lehen orrialdean ez agertzeko.

Manipulazioaren neurri horretaraino heltzeko prest dauden komunikabideak ez dira demokratak, diktadura zaleak baino.

Horrelako jendea dago Madrilen.